Orriak

05


05. Loto-jaleak


Etxera bidean, nola ez, euria hasi da. Aterkia ireki behar izan du, majo ari baita une honetan. Taberna bateko olana jaisten dabilen zerbitzariari erreparatzerakoan konturatu da ez duela ohiko bidea hautatu, ez eta biderik laburrenetako bat ere.

Bere pentsamenduak, antza, hankak baino azkarrago dabiltza, eta auskalo zein bidegurutzetan, dirudienez, tokatzen ez zen erabakiren bat hartu du. Gerora ere, une honetan non dagoen ikusita, tokatzen ez zen beste erabakiren bat gehiago hartu du: etxera iritsita behar luke, honezkero, baina 10 bat minutuko bidea geratzen zaio oraindik. Eta hori, noski, hemendik aurrera bide zuzenena hobesten badu.

Gustura dabil, hala ere, dolce far niente moduko sentsazio bat barneratu delarik bere gogoetan. Duela hilabete batzuetako zurrunbiloarekin konparatuz, pozik bizi dela esatera ere ausartuko litzateke, norbaitek galdetuko balio. Eta pozik, zentzu askotan.

Erabakita dauka gaur ez dela korrika egiten joango, erabaki horrek gaur bere korrika-laguna ez ikustea suposatzen badu ere. Baina komeni da, noizean behin, atseden hartu eta ideiak bere lekuan kokatzeko beta hartzea: hori ere hain bogan dagoen crossfit delako entrenamenduaren parte bat bezala hartu du.

Entrenatu, izan ere, asko entrenatu baitu joan den hilabeteetan. Egia da entrenamenduak norbaitekin partekatzea motibaziorako tresna ere badela baina, hori eta horrek dakartzan inplikazioak alde batera utziz, sekula baino gusturago dago bere forma fisikoarekin. Inoiz izan duen gorputzaldirik onenean dagoenaren susmoa, ziurrenik, errealitate ere bada.

Kirolean, bizitzako gainerako esparruetan bezalatsu, metak jartzea eta eurok gainditzen saiatzea da aurrera egiten laguntzen duena. Eta puntu horretan dagoela iruditzen zaio. Ez du bere burua, oraindik, maratoi bat egiteko aldartean ikusten, baina maratoi erdi bat, adibidez, baleko meta bat izan daitekeela iruditzen zaio.

Dena dauka alde: oinetako fosforitak, ekipazioa, forma fisikoa, ia 200 euro ordaindu berri duen GPSdun pultsometroa eta, azken aldi honetan, baita erronka berriei aurre egiteko gogoa ere. Leku berriren bat ezagutzeko grina ere gehi dakiokeela koktel honi guztiari pentsatu du, azkenik. Etxera iristen denean kontu honi bueltatxo bat eman behar diola gogoratuz bere buruari, orain bai, biderik zuzenenari ekin dio.

Etxeko atea itxi eta berehala joan da portatilaren bila. Alimentazio kablea konektatu du, lehenik eta behin, bateria arazoak ematen hasi baitzaio azken boladan. Badaki, jakin, 500 bat euro edo inbertitu beharko lituzkeela ordenagailu berri batean. Baina otu zaion abentura berri honetarako ere zerbait aurreztu beharko duela iritzita, beste baterako uztea erabaki du gastu hori.

Hutsetik hasteak duen xarmetako bat da nondik hasi ere ez dakizula oso ondo. Hausnarrean hasita, Berlinen maratoi ospetsu bat badela gogoratu zaio, eta bera ez da sekula Berlinen aurrez egon. Minutu bat ere ez du behar izan eskuartean data bat izateko: irailaren 27a. Besterik ezean, urrun xamar aukeran, baina data egokia iruditu zaio.

Web ofizialean trasteatzen hasi eta hor sortu zaio lehenengo oztopoa: maratoia da, eta maratoia soilik. Eta, hasteko behintzat, erronka handiegia da. Normalean mota horretako lasterketek gaitasun desberdinetara egokitutako distantzia desberdinak izaten zituztenaren ustea zuen, baina Berlinekoa profesionalegia da horretarako, nonbait.

Baina Berlin dauka begiz jota, eta hori da, posible den heinean behintzat, tira egin beharreko haria. Ez zaio larregi kostatu bila dabilenera egokien egokitzen den errepide-lasterketa aurkitzea: BIG 25 Berlin 2015, maiatzaren 10ean.

Wikipediari egin du salto jarraian. Frantziako indar armatuek sortu zuten lasterketa hau 1981ean. soldaduek Berlingo kaleak ebaki zituzten urte hartakoa izan zen hirigunean jende andana batu zuen lehen kirol ekitaldia eta, horren ondorioz, Frantsesen Lasterketa bezala ere ezagutzen omen da.

Larregi bilatu beharrik gabe, dortsalaren prezioa barne hartzen duten pakete turistikoak ere aurkitu ditu. Madrilen edo Bartzelonan ostiral arratsaldean hegazkina hartu, hiru gau egin bertan eta astelehenean bueltatu: 500 euro (gosariak barne).

Argi dauka: momentuz behintzat, portatilaren kablea sarera konektatzen jarraituko du. Hori bai: 500etik jaitsi ahal daitekeen guztia ondo etorriko zaio, bazkariak eta afariak ordaintzeko baino ez bada ere.

Sarean apur bat nabigatzen hasterakoan, bateria ez dela portatilean gaizki dabilen gauza bakarra konturatu da: konexioak berak ere beste garai batekoa dirudi. Holakoetan egin ohi duen bezala, sakelakotik jarraitzea erabaki du.

Lehenengo ezusteko atsegina: Bilbao-Berlin linea ustiatzen du Vueling aire-konpainiak.


Erdigunean kokatutako hostel baten erreferentzia onak ditu, Berlinen behin egondako lagun batek emanak.

Dortsala eta derrigorrean alokatu beharreko txipa ordaintzeko modukoak iruditu zaizkio.

Eta janaria eta edaria, hainbestean: hara joan ezean ere, hemen ere jan eta edan beharra dagoela gogoratu zaio. Eta Bilbon, aspaldi honetan, erruz ordaintzen dira kontu horiek.

Badaezpada, pakete turistikoan eskaintzen dena errepasatu du. Azkarregi irakurri du, antza denez, lehenengoan: dortsala eta txipa ez daude pakete barruan. 541 eurotan geratzen da, hortaz.

Aldiz, dena bere kabuz antolatuz gero: 200 + 152 + 41 = 392 euro. Aireportutik hotelerako gastuak bere kontura joango lirateke, baina ez luke Madrilera edo Bartzelonara joan-etorririk egin beharrik izango.

Lehenengo begirada batean ikusten ez diren -baina beti hor egoten diren- letra txikiz idatzitako gastuak kontuan hartu gabe, ia 150 euro geratzen zaizkio jan-edanerako. Ez du gainera, lasterketa baten aurreko egunetan behintzat, oturuntzarik aurreikusten. Eta zergatik ez? galdera baino gehiago, erronka bezala ahoskatu du.

Entrenatzera joan izan balitz baino nekatuago, portatila eta sakelakoa wifi konexiotik askatu eta dutxa lasaigarri bat hartzea erabaki du.

Arropa eranzten ari dela ohartu da, gaur bakarrik laga duen arren, korrika-laguna jakinaren gainean jarri beharko lukeela. Agian ez zaio berari bezain erraza suertatuko lanean egun batzuk libre hartzea, ez baitu uste dirua arazo izan daitekeenik, baina batek daki.

Txorrotatik ura erortzen ari den bitartean konturatu da, gainera, Pedro Arrupe pasarelan ezagutu eta honezkero bidelagun bihurtu duena beste egoera batean ezagutzeko aukera bikaina izan daitekeela.

Ilean xanpua ematen ari dela pentsatu du, hartara, eta azkenean etortzera animatuko balitz, gastuen zati bat murrizteko aukera polita izango zela, hoteleko 152 euroetan baino ez bada ere.

Gorputzean xaboia zabaltzen ari dela nabaritu du, bera kontzienteki ohartu ez bada ere, hatz luzea bere sexuaren barruan duela. Lotsa puntutxo bat ere sentitu du orduan, baina alboetara begiratu eta inor begira ez duela konturatu denean, ordu laurdenean bigarren aldiz eta zergatik ez? ahoskatu du.

Gauzak, behin egiten hasita, ondo egin behar direla sinetsita, dutxan eseri, hankak zabaldu eta begiak itxi ditu. Denbora luzez sentimenduekin jolastu ostean, nahi baino lehenago iritsi da itzulerarik ez duen puntura. Gehiago ezin dut eta ase naiz artean une labur batez dudatan ibili ostean, zirkulu txikiak marrazteari utzi dio, apur batean eserita geratu bada ere.

Azkenean, eta txorrota berriro irekiz, xanpu, xaboi eta bekatuak soinetik kendu eta bukatutzat eman du lana. Tximeletak sabelean? Batek jakin...




--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--



Gorroto du interfonoaren argi gorria pizten deneko unea, bai baitaki bestaldean entzungo duen ahotsa zein den. Bilbon daramatzan hilabeteak nahikoa izan dira hain zaharkitua dagoen komunikazio sistema atzeratua gorrotatzeko.

Deia erantzuteko botoi gorriaren azpian dagoen botoia sakatu beharra, berez, men egite keinu bat dela iruditu izan zaio behin baino gehiagotan. Baina ez da ezer interfonotik ateratzen den hogei bat zentimetroko mikrofonora bere ahoa hurbiltzeko egin beharreko genuflexioarekin erkatuz.

Genuflexioak, izatez, eta Aita Santuaren aurrean egin beharrekoa ez bada, eskumako belauna lurrean jartzea eskatzen du. Deigarria da, gutxienez, kasu horretan soilik erabili beharra iraultzaileek hain gustuko duten gorputzaren ezkerreko atal hori. Eliza da munduko lehenengo erakunde iraultzailea, nonbait. Eta Jesukristo, hedaduraz, historiako lehen sindikalista, hortaz.

Dena den, eta interfonotik hitz egiteko belauna lurrean jarri beharrik ez badu ere, are iraingarriagoa suertatzen zaio, Elizan edo Aita Santuaren aurrean egin beharreko keinua baino, bere burua mikrofono puntara makurtu beharra. Botoia sakatu eta nagusiaren deia erantzuteko aurreko uneetan, nahi ez duela ere, sinbolo faliko baten aurrean makurtzen irudikatzen du bere burua.

Tipo zekena da Francisco Javier; berak ere badaki hori. Eta bere zekentasunean, Gobernu Ordezkaritzako beste langile guztiekiko erakusten duen nagusitasuna da interfonoko argi gorria baino gehiago gorrotatzen duen gauza bakarra. Nagusitasun hori, gainera, biderkatu egiten da aurrean -edo ondoan- duen solaskidea emakumezkoa denean. Ondoan zuelako eskua zabal-zabal eginda zuela ipurdia lehenengo aldiz ukitu zionean.

Ezagun zuen, ordurako, bere aurretik izan dituen hiru idazkariekin ere arazoak izan zituela. Ibilbide laburra izan zuten arazook, noski, sartu ziren ate beretik atera beharra izan baitzuten aurreko hiru idazkariek. Ez da hura errudunak zigortzera oso ohitua dagoen erakunde bat, bestela baizik: errua, gehienetan, errugabearen aldera erori ohi da holakoetan.

Gauza bat argi zuelako Francisco Javierrek: jartzen zizkioten tranpak jartzen zizkiotela, eta asmatzen zituzten egoerak asmatzen zituztela, emakumezkoak nahi zituen idazkari. Eta gazteak, aukeran.

Baina Bilborako lekualdaketa eskatu zuenean bera izan zen lan administratiboak egiteko hautua egin zuena, eta baita egoitza berri honetako nagusiaren aurrekariak ezagutu ostean ere bertan mantendu izan nahi zuena.

Aita atentatu batean galdu izana trauma handia izan zen. Umea izanik ere -edo umea zelako, agian- bizi guztirako markatzen zaituen gertakizuna da. Ama izan du ondoan harrezkero, aitak utzitako hutsunea betetzea izan delarik bere bizitza osoan egin duen eta egin nahi izan duen gauza bakarra. Horregatik egin zitzaion are gogorrago aitaren bidea jarraitu nahi zuenaren berri ematea.

Gogoan du oraindik erabakiaren berri eman zioneko eguna. Mutu geratu zen ama denbora luzez, eta begietatik malko bakar bat ere isuri ez zuen arren, negar batean. Eta ez zen gozoagoa izan, handik urte batzuetara, Bilbora bidal zezateneko eskaria aurkeztu zuenaren berri eman zioneko eguna. Inoiz aurpegira esan ez badio ere, ez dio oraindik erabaki hori hartu izana barkatu.

Andra ona bezain eskola larregirik gabekoa da ama. Hutsunea betetzeko bere eginahal horretan, batez ere, errespetuan hazi du beti: ez da bere ahotik bere bizia betiko hautsi zutenen aurkako gorrotozko hitz bakar bat atera; nahikoa lan izan du beti aurrera begiratu nahiarekin. Baina berak ere badaki ez diola inoiz hartutako erabakia barkatu.

Ohitura txar hori dute beti seme-alabek, bere bidea bere kabuz egin beharra. Eta horretan ere errespetua erakutsi izan du beti amak. Horrek hurbildu ditu beti gehiago elkarrengana, eta kilometroek, ulertzen ez diren erabakiek edo batzuentzat okerrak eta besteentzat egokiak izan daitezkeen hautuen gainetik errespetua gailentzen denean, ez da maitasuna munduko sentimendurik indartsuena. Edo, hobe esanda, beste maila batera eramaten du maitasuna, gehiago edo gutxiagoko graduazio sinple batetik baino askoz haratago.

Ea mendeku bila zihoan iparraldera ere galdetu izan diote behin baino gehiagotan, askok. Amak, aldiz, sekula ere ez. Bai baitaki amak, ondo jakin ere, erantzunak zirela bilatu nahi zituenak.

Hilabete soil batzuk ez dute horrenbesterako ematen eta erantzunen bila jarraitzen du oraindik, erantzun zaila baitu zerk eraman dezake pertsona bat beste baten bizia kentzera? galderak. Baina denbora nahikoa izan daitezke hilabete horiek aurkitzen duzuna espero zenuenetik zein urrun dagoen konturatzeko.

Izan ere, gehiago harritu du lan egitea suertatu izan zaion eraikinetatik kanpo aurkitu duenak. Oso bestelakoak ziren autobusean Garellanora iritsi zeneko aurreiritziak eta gerora ezagutu izan dituen zenbait jarrera. Oso bestelakoak izan diren moduan parte den erakundeaz zituen aurreiritziak eta gerora ezagutu izan dituen zenbait jarrera. Eta ez Francisco Javierrek soilik, baina bai Francisco Javierrenak bereziki.

Horrexegatik egiten zaio beharbada hain ulergaitz, gorrototik alde egin nahian dabilen bati, egunerokotasunean gorrotoan iltzatuta dagoen jendearekin lan egin beharra. Eta horrexegatik hain ulergaitz, aurrera begiratu nahi duen bati, egunerokotasunean atzera begira dagoen baten idazkaria izatea.

Bulegora sartzeko eskatu dio nagusiak interfonotik.

Geroz eta zailago egiten zaio nagusiari aurpegira zuzenean begiratzea. Horregatik zuzendu du begirada, ziurrenik, egurrezko kutxa txiki baten ondoan duen Smint paketera. Zekena izateaz aparte, erdi ergela ere badela nagusia pentsatu du: pilulatxo haiek bulego horretako atetik kanpora bolo-bolo dabilen zurrumurrua estaltzeko gai direla usteko du, gainera. Eta, hori guztia, berak behin ikusitako Soberano botilaren berri eman ez dienean gainerako lankideei.

Gaurko eguna libre hartzeko asmoa duela esateko deitu du. Ederra bakea! pentsatu du, berekiko. Interfonotik ere eman ziezaiokeen mezu hori, noski, baina era horretara ez zukeen bulegotik ateratzen zen bitartean bere ipurdia begiratzeko betarik izango.

Ez du, bada, bere ipurdiak itxura lar erakargarririk izango praka berde haiekin. En fin...




1 iruzkin:

  1. Eleberriaren puntu honetara iritsita, proposamen bat joko honetan parte hartu nahi duenari:
    Zein izen jarriko zenieke orain arteko kapituluetan (x) agertu diren pertsonaia desberdinei?

    - Ohean botata dagoen pertsonaia (1): ..........
    - Egunkaria irakurtzen dagoen bikotea (1): .......... eta ..........
    - Egunkariko neskatoa (1): ..........
    - Leioan hitzaldia eman zuen pertsonaia (2): ..........
    - Hitzalditik bueltako gogoetak gogoratzen dituen pertsonaia (2): ..........
    - Hitzaldia eman zuenarekin solasean dabilen pertsonaia (2): ..........
    - Eskuizkribuagatik galdezka hizlariarengana hurbildu den gaztea (2): ..........
    - Korrika egitera ateratzen den pertsonaia (3): ..........
    - Amari gutuna idazten dion pertsonaia (3): ..........
    - Astarloa liburu-dendara doan pertsonaia (4): ..........
    - Gobernu Ordezkaritzako nagusia (4): Francisco Javier.
    - Berlinerako bidaia prestatzen dabilen pertsonaia (5): ..........
    - Gobernu Ordezkaritzako nagusiaren idazkaria (5): ..........

    Irudimena aske!

    ErantzunEzabatu