Orriak

02

(Argazkia: Mr.Chopski)

02. Nestor


Bazar txinatarrekoak izan arren, zinta txiki hura erreproduzitzeko gailua martxan jartzeko beste indar badute pilek.

[Klik] 

Ba bai, gabon, behin honezkero arratsalde on baino gehixeago ere izango da eta. 

(...) 

Eta orain, saio hau amaitzeko, zuen arreta eskertu nahiko nuke. Ez dakit zuek zenbat gozatu duzuen, nik neuk gozatzen dut gehien eta. Zer egingo dizuet ba... eta gainera ordaindu egiten didate!

Beno, Leioara etortzea ere pixka bat kostatzen da, eh, baina gero joatea gehiago kostatzen zait... Eskerrik asko, izan ondo eta agur. 
[Klik]

Gaur balitz bezala ditu gogoan entzundakoak etxerako bueltan sortu zizkion gogoetak...

Arestik esana da inor ez dela profeta bere mendean. Baina gehiago ere esan zuen: pozik hilko litzatekeela, andre-alabarik ez balu, transzenditzearen alde, bere esanak kontuan har ditzan euskal gizarteak.

Banitatea darie, gaur egungo ikuspuntutik, Arestiren hitzei, baina ez die horrek indarrik kentzen. Kontrakoa, ziurrenik. Gauza asko baitzen Aresti baina, behar bada, eta gainontzeko guztien gainetik, zirikatzailea, desafiantea zen.

Nor ausartu, bestela, Iparragirreren doinuan egindako 56 bertsoz osatutako sorta argitaratzen. Eta nor, gainera, Basarriren eran, gipuzkeraz eta H-rik gabe. Nor eta, euskara batuaren hastapenetan, gerora etortzear zegoen “Batasunaren Kutxa” izeneko gida moduko lana aurrera eraman zuenetako bat. Edo bere garaikide ziren zenbait eminentziarekin, H-aren erabileraren defentsan, guda gogorrak izan zituenetako bat.

Kapitulu ugari ditu, nolanahi ere, Arestiren desafiorako grinak. Gogoangarria da bere “Harri eta herri” lanaren kritika txarrak hauspotuz zebilen Arrutza Egiari botatako erantzun nahi badu, mesedez, egin dezala bertsotan hura.

Edo hor daude, baita, Bizkaitarra 3 sortako 32 bederatzi puntuko bertsoak. Badira sekula bederatzi puntukorik egin ez duten zenbait bertsolari on. Eta zerbaitegatik da, txapelketetan ezik -eta euretan ere gutxi-, nekez entzuten den bertso-neurria. Arestik, bada, 32 jarri zituen, baten faltan.

Aresti bertsolaria zela esan izan du batek baino gehiagok, izan den onenetarikoa, bertsolari oso kontzientea gainera, baina bertsotan ere poemak egiten zituen.
 
Gaur egungo prisma batetik, gafapasta bat zela esatea ere zilegi litzateke. Edo Bilbo unibertsaltasunaren mapan jarri zuen Azkuna aurreratu bat. Era askotara defini daitekeen pertsonaia zen, eta bere emazteak ere hala uste izango zuen, erretzaileagoa zela miopea baino zioenean.

Poesia mailu bat dela zioen berak eta, merkatari onen gisa, hitzak merke erosi eta (g)aresti saltzen zituen. Eta baita poeta zenez gero, ez zuela zerurik espero. Horrexegatik, behar bada, eta aurreko poeten moldea hitzarekin hautsiz, ez zebilen erredentzio bila. Bera beti paratzen zen gizonaren alde, eta horregatik eskatzen zuen ez zezatela tapa gizonaren ahoa.

Ezer ez garelako, ez garelako ezer, ez bada garena. Gu garelako garena, bai, garena, eta ez ez garena. Gure izena gure izana delako, eta ez garelako ezer ez bada gure izena.

Erosoa da gua, baina berak nia maite zuen. Lehen pertsonan esaten zituen berak denak, egiak eta gezurrak, zilegi baitziren gezurrak ere zenbait kasutan. Baina gaitasuna behar da nitik hitz egiteko. Indarra du niak, mailu bat da, desafioa du berekin. Baina eutsi egin behar zaio gero esandakoari, eta denek ez dute horretarako balio.

Justizia zen bere beste zedarrietako bat, zazpi mila izanik Arestiren bihotzak, guztiak zebiltzalako zuzenbide bila. Askotan leporatu izan zaio bataren edo bestearen alde argi apustu egin ez izana, arlo politikoan kasu; baina ba al da justiziaren eta gizakiaren eskubideen alde apustu egitea baino apustu irmoagorik? Eragitea zuen xede, eta eragin zuen. Eta eragiten du, eta eragingo du.

Bada bolo-bolo erabiltzen den Che Guevara zenaren esaldi ezagun bat, ea bere errua ote den odol gorria eta bihotza ezkerrean izatea dioena. Berak bota zuen lehenago, baina berak ere bazekien Arestiri ari zitzaiola lapurtzen pentsamendu hura.

Handia zen Aresti, eta handia da utzi duena. Horrexegatik da hain garrantzitsua utzi duen guztia argitara ateratzea, baita Guardia Zibilek bere etxetik lapurtutako James Joycen Ulysses eleberriaren eskuz idatzitako itzulpena ere.

Ez du agian bizitza honetan besterik egingo, baina ez da geldituko eskuizkribu hori aurkitu arte. Arestiren etxea defendituko du. Eta beti esango du egia, baita ezpainak, hortzak edo mihia galduta ere. Zor dio.


-- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 -- 0 --


- Kaixo, Xabier. Gabon.

- Gabon. Nor haiz?

- Ni.

- ...
- Ni naiz, Xabier.
- ...

- Xabier?

- Bai, bai. Hemen nagok. Aspaldian ez nian hire berririk...

- 20 bat urte izango dira, bai, hor nonbait.

- Eta, nola habil hortik?

- Hainbestean. Egiteko gutxi, badakizu.

- Eta, nolatan?

- Eman berri duzun hitzaldiaren berri izan dut eta nola joan den jakiteko da.

- Ondo, nik uste jendea gustura geratu dela. Mezu atenporalek intenporalak ere izateko bertutea ditek, baina hik hori inork baino hobeto dakik.

- Pozten nau hori entzuteak. Baina badakizu ez zaitudala horregatik deitzen.

- Heuk esan...

- Irentsi al du norbaitek amua?

- Nik baietz esango nikek. Entzuleen artetik gazte bat hurbildu zait eskuizkribuaren inguruan galdezka. Dakigun apurra esan diot nik.

- Eta? Zein da zure iritzia?

- Arra piztu zaiola.

- Ona da hori.

- Bai, horixe huen xedea.

- Ondo da. Gabon.

- Gabon, Gabriel.

1 iruzkin:

  1. Denbora eta pertsonaia desberdinak nahasten dira kapitulu honetan. Narratzailea kontuan hartuta, zenbat ahots desberdin antzeman dituzu?

    ErantzunEzabatu