Orriak

08

08. Lestrigoiak



Bazuen, izan ere, Berlinerantz abiatu aurretik egiteko bat. Eta zerbaitek esaten zion bere barruan, nahitaez, abiatu aurretik egin beharrekoa zela.

Denok dugu familian ardi beltzen bat, gainerakoon estereotipoetan egokiegi sailkatzen ez den norbait. Eurenean osaba Gregorio zen bala galdu hori, amumetako baten neba gazteena.

Gazte garaian Ameriketara artzain joandakoa zen. Joan zenerako ere berezi samarra zela esan izan diote behin baino gehiagotan. Eta baita Amerikak ez ziola larregi lagundu ere.

Berandu ekin zion, baina, Ameriketako abenturari: aberastu behar zirenak, aberastuta zeuden ordurako. Berak ez zuen Eldorado aurkitu han, gainbehera etorria zen bizimodu baten azken trazak baizik.

Bizimodu hobe baten bila joaten ziren aurreragoko mutil koskortu berriak eta, gutxi batzuk behintzat, aurkitzen zuten bila zebiltzana. Beste batzuk, aldiz, hemen hobeto bizitzeko diru apur baten bila baino ez ziren joaten, bueltan eta berton aurkituko zutelakoan bizimodu hobea. Osaba Gregoriok ez zituen ez bata, ez bestea aurkitu. Amumaren esanetan deabrua besterik ez zuen aurkitu han.

Anarkistatzat zeukaten batzuk, zorotzat askok, ermitautzat gehienek. Lobarentzat, baina, osaba Gregorio baino ez zen. Auskalo zein tararekin hasi zuen Ameriketarako bidaia, baina berak, denborarekin garatu zuen oskolaren kapetako bakoitzean nahikoa murgiltzea lortu zuenean ulertu zuen, bere erara bazen ere, gizon on bat baino ez zela.

Bere teoriaren arabera, bizitzak laztutako agure zahar bakarti bat baino ez zen. Bueltatu, bueltatu zen Euskal Herrira, ongi kostata, baina bere parte bat, noizbait izan baldin badu, bertan utzita.

Ez zuen jendearekin tratuan aritzeko gaitasunik. Horregatik zuen nahiago herritik aparte zegoen berak eskuz eraikitako etxolan bizi. Horrexegatik ez zuen jendeak ondo ulertu udaletxe sarrerako egurrezko atean aizkora iltzatu zueneko pasarte hura: ordaintzeko eskatzen zizkioten azken hamar urteetako kontribuzioen fakturak non utzi ez zekielako baino ez zuen egin.

Hamabi urte eman zituen Idahoko mendietan ardiak zaintzen, ez zuelarik bestelako gizakirik apenas ikusi. Ez da hori, noski, ezeren aitzakia, baina argi dago horrek ere markatuko zuela nonbait bere izaera, hein handi batean.

Bueltatu zenean, eta zen modukoa zelako, jendeak baztertu egin zuen, baina ez zitzaion hori inoiz arazo suertatu. Familian ere saiakera xumeren bat egon zen arren, ez zuten sozializatzerik lortu. Joaten zen, hasieran, gabonetako ospakizunetara eta, baina inor eroso ez sentitzekotan, bere ere erosoago zegoen berera.

Lobarekin ere izan zituen haserrealdiak, etxolara argia eta ura igotzeko eskaria sinatzeko paperekin agertu zitzaionekoa izan zelarik gogorrenetakoa. Lau urtez ez zion, gerora, aterik ireki, bisitan joateko ausardia batzen zuenean.

Baina ez zen gizon txarra; berezia, gehienera ere. Familia ez dugu guk hautatzen; nor maitatu eta nor ez, ordea, bai.


Lau urte lehenago atea itxi zion modu berean ireki baitzion behin, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Eta inoiz izan zuten elkarrizketarik luzeena izan zuten osabak eta lobak egun hartan.

Bere zakarrean, esteta bat baitzen osaba Gregorio. Lau urteko isilune haren aurretik kontatu zion bi liburu eraman zituela Ameriketara: Oteizaren Quosque tandem eta Arestiren Harri eta Herri. Eta hura izan zen bertan eman zituen hamabi urte luzeetan pertsonekin izan zuen tratu bakarra.

Ez zen gizon jantzia, liburu bi, hasi eta buka, buruz errezitatzeko gaitasuna edonork beregana baitezake eguneko 25 orduetan beste zereginik ez duzunean. Baina bistan zen hausnarketarako zedarri garrantzitsu izan zirela bi liburu haiek, bestelako gai unibertsalez mintzatzeko adina gogoeta sortu zizkioten eta.

Eta loba ilustratuarentzat, plazera zen bi liburu haietatik eta bakardadetik garatutako pentsamenduak soilik zituen norbaitekin solasaldiak partekatzea. Gaizki zebilen bere planteamenduetako askotan, baina diskurtso garbia zuen, kutsadurarik gabekoa.

Bisita orduak hasteko bost minutu faltan galdetu du harreran gela zenbakia zein den. Ospitaleko ohean ikusi duenean, bere ile urdin eta bizar luzearekin, Oteiza bera dela ohean etzanda dagoena iruditu zaio. Gogor jo du iktusak eta, aukeran, hobe horrela. Jasangaitza izango zen bestela bertako langileentzat osaba Gregorio zaindu beharra. Eta baita berarentzat ere zaindu beharra izatea.

Begirada aurreko orma zurian galdu zaio, lobaren bisitaz ohartuko ez balitz bezala. Hitz egiteko gaitasuna galdua duela aitortu dio sarreran erizainak. Gorputza mugitzeko ere ez da gai, ohera lotuta duen eskumako besoa salbu.

Ez dago itxaropenik osaba Gregoriorentzat. Iktusak kalte multiorganikoak ekarri ditu berekin. Orduetako edo egunetako kontua izango den, hala ere, inor ez da aurreikusteko gai. Horrexegatik hobe bisita bueltarako ez utzi.

Lobak, osaba Gregoriogatik baino ez bada ere, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu nahi du, eta hizketan hasi da, azken hilabeteotako gertakariak kronologikoki azalduz. Osaba Gregoriok, bitarte horretan, ez du keinu bakar bat ere egin eta begiradak orman iltzatuta darrai.

Ez da inoiz oso hiztuna izan, baina bazuen beste inori sumatu ez dion gaitasun berezi bat: berbaldi luze bati, labur-labur, gaiarekin ustezko zerikusirik ez zuen zerbait gehitzen zion, baina oso kontzienteki egiten zuenaren antza hartua zion lobak, hura baitzen berbaldi berri batentzat lehen harria.

Gaurkoa, baina, bakarrizketara mugatu da. Bai, behintzat, joateko ordua iritsi den arte. Osaba Gregorio agurtu duenean, eskumako besoa mugitzen antzeman du.

Lobak, azkar, besoa ohetik askatu dio eta eriaz ondoko mahaian dagoen boligrafoa erakutsi diola ikusi du. Artega, boligrafoa eta ondoko ohekidearena izango den egunkaria gerturatu dizkio.

Osaba Gregoriok, nekez bada ere, zerbait idazteko ahalegina egin du: kondoiak eraman. Boligrafoa lurrera erortzen utzi eta berriz iltzatu ditu begiak aurreko orman.
 

Lobak, masailean behera erori zaion malkoa lagun, osaba Gregoriori azken begiratua eskaini eta gelako atea itxi du, bere atzean.





--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--





Ikusi berri duena ikusi ostean, gorputzari buelta eman ezinda jarraitzen du. Lo egiteko saiakeran, begiak itxi eta lehenengo espedienteko argazkiak baino ez ditu ikusi. Nekez hartu du loak.

Gaur ez da lanera joango, erabakita dauka. Asmatu ditu gau luzean zehar tamainako dozena bat aitzakia. 

Gehiago aztoratzen du espedienteak etxean gordeta izateak. Auskalo zer izan daitekeen hemendik ateratzen dena, baina gauza bat argi dauka: espedienteetan dagoenak barrua sumindu dion beste erretzen du argazkiok berekin gordetzeak.

Laneko askok aurrez egin duten moduan, Correosera joan da bera ere posta-kutxatila bat eskatzera. Bere lankideek posta-truke guztia etxera ez den beste norabait bideratzea nahiago dutelako; berak, aldiz, etxean gorde nahi ez duena gordetzeko.


1 iruzkin:

  1. Neskari, aukera izatekotan, zer egitea gomendatuko zenioke espedienteko argazkiekin?

    ErantzunEzabatu