Orriak

06


06. Hades



WhatsApp mezu baten soinuak atera du arratsaldeko logaletik. Egongelako leihoak irekita dituenez, ez da gai, sakelakoa begiratu gabe, aurreko etxeko loroaren maltzurkeriaren bat ez ote den jakiteko. Pantaila desblokeatu duenean pentsatu du, zergatik ez, loroek ere badutela arratsaldeetan logale egoteko eskubidea.

Ez ditu sekula ulertu aplikazioak balio dituen 0,89 euroak ez ordaintzeko hautua egiten dutenak. Facebooken atzaparretan erori izanagatik gorrotatzen dutenak, batetik, edo Telegram bezalako software libreko bestelako aukerak egon badaudelako maite ez dutenak, bestetik, albora utziz, ordaindu beharra dagoelako soilik bere kontra daudenak oker dabiltzala iruditu izan zaio beti. Egia da hautua, beti, pertsonala dela baina, dakartzan onurak kontuan hartuz gero, zer da urtean euro bat?

Askok komunikazioa hil duela esango dute, Google madarikatu/bedeinkatuak bazkalosteak hil dituen bezalatsu. Baina bere kasuan, adibidez, komunikazioa areagotzeko tresna bikaina izan da. Noski askoz hobe dela, aukeran, solaskidea norbere aurrean izatea; eta noski, baita, aurrean ez dagoenean telefonoz hitz egiteko aukera beti hor dagoela. Baina badu WhatsAppak bestelako xarma bat: hain azkar mugitzen den gizarte honetan, non dena atzo zahar geratu den, hilda legoke bestela.
Bere lagun minenetako baten mezua da, biek duten hirugarren lagun minenaren aitaren hiletara elkarrekin joateko hitzordu eske. 17:30etan etorriko omen da. Maria omen dator berarekin, aspaldiko lagun bat. A2. Ordu bete dauka, egonean egoteko, sofan, berriro ere.

Aspaldiko laguna du, berak ere, Maria. Lagun ona zen, bere garaian; aspaldian, dirudienez, bere lagun minaren lagun ona da gehiago. Kontatu zion zerbait, uste du, aurreko batean.

Zintzoa zen, zerbait bazen, Maria. Eta ondo egiten zituen gauzak; hori da, behintzat, denboraren ikuspegitik, hura ondoen definitzen zuen ezaugarria. Bera izan zen lehenengoa, eta berak sartu zuen neskalagunen espiralean. Hortaz, behin hortik atera denean, malenkonia kutsu batekin irudikatzen du orain. Ez zen gauza txar gehiegirik gertatu, besterik gabe bukatu zen kontua, eta agian horregatik gogoratzen ditu onak.

Lagun minaren aitarena gertatu zenetik, nola ez, triste ibili da barrua azken egun eta erdian. Eta gaurkoa ere egun tristea den arren, maite dituenekin eta noizbait maitatu izan dituenekin egoteko aukerak zertxobait poztu du, gutxienez.

Konturatu orduko, prestatzen hasteko garaia iritsi dela esan dio WhatsApp mezu berri batek. Hau, orain bai, aurreko etxeko loroak bidali dio.

Dena lotuta utzi eta lasai joateko aitzakian, badaezpada, korreoa begiratu du azka-azkar. Biek batera, Vuelingek eta St Christopher's Innek, baieztapen mezu bana bidali diote: hegaldia eta ostatua, hurrenez hurren, listo.

Atezain automatikoa entzun duenerako ireki du etxeko atea. Erantzun beharrik gabe ere badaki behean dituela zain lagun biak; laugarrena hileta bukatutakoan batuko zaie.

Ez da elizetara joatearen oso zale baina, joan ohi den apurretan, gustura egon ohi da. Eraikina bera da gehien erakartzen duena, holakoetan. Beti eliza berean egonagatik ere, beti zerbait berria eskaintzeko duen gaitasunak harritzen du gehien. Gaur, estetika kontu soilei erreparatuz, eguzki izpiek eskumako abside batetik nola argiztatzen duten barrua du erakargarri.

Aurreko batean izan zituen hausnarketa gai hormatzar haiek, eliza egin zen garaian, nola demontre eraiki zituzten. Gaur, ordea, izpi haiek nola argiztatzen duten bete-betean ezkerreko horma bateko beiratea du jomugan, eliza hura eraiki zuen Tom Builder anonimoak nahita egin izan balu bezala. Jakingo zuen, ziurrenik, apirilean eguzkia zein altueratan mugitzen den. Eta jakingo zuen, ziurrenik, orduan ere, arratsaldeko ofizioak seietan hasten zirela. Kontu bi hauek uztartuta jarriko zuen, ziurrenik, beirate hura horma eta altuera hartan. Eta, hori guztia, WhatsAppik apenas existitzen zen garaian.

Baina estetika soiletik haratago, ez beti baina bai batzuetan, edukiari ere erreparatzea gustuko du. Noizean behin kolektibo batek hitz eta kantu berdinak harmonian plazaratzeak duen sinbolismoa mirestetik aparte, hiletetako sermoiak izaten dira une magiko bat. Hildakoaren bizia labur-labur goraipatzea baino gehiago, gainera, geratzen direnei abadeak zuzentzen dizkien hitzak dira sermoiko klimaxa.

Berariaz dago gaurko honetan, zuhur-zuhur, predikatzailearen hitzen zain: ez baita erraza izan behar bere buruaz beste egin duen norbait agurtzera joan direnak asetzeko moduko hitzak aurkitzen jakitea.

Gaurkoan, hala ere, egoki bete du bere lana Jainkoaren zerbitzariak, hilak aurkitu duen zoriona eta gainerakoek sentitu beharreko lasaitasuna uztartzeko Jesukristo lartxo aipatu badu ere.

Agur jaunak abesten deneko unea da beste klimaxetako bat: nahi gabe, beti busti izan zaizkio begiak holakoetan. Musu, besarkada, sentitzen dut eta malkoen txanda heldu da gero, eliza atarian jada. Hurbilenekoak, sentimendu horiek jende gutxiagorekin hobeto azaltzen direla sinetsita, bukaerarako erreserbatu dira.

Segizioari jarraika, kanposanturaino hurbildu dira hiru lagunak R5 zaharrean. Hangoa bukatutakoan, baina, lau izan dira bueltan Bilboko Irish horietako batera jaitsi direnak, hilaren semea tarteko. Hobe ateratzen dira atera beharreko hitzak mahai baten eta lau garagardoren inguruan eserita.

Ez zuten beste hirurek, inondik inora, gaia atera nahi, baina laugarrenak jarri du lau basoen erdian hizketa gaia: jarrera koldarra ala ausarta da norbere buruaz beste egitea? Luze jardun dute hortaz hitz egiten, gai samurra izan ez arren, bai baitakite laugarrenak baduela hortaz hitz egin beharra.

Triste baina, era berean, sendo ikusi dutenez laguna, luzatuz joan da hizketaldia. Egoerak ez du askorako ematen, noski, baina lagunartea luzatzeko erabakia hartuta dago. R5a berriro bete eta noraezean abiatu dira, halako batean lagunarteko eguneko protagonista nagusiak eta ondo zaindu beharrekoak eta zergatik ez hona? esan duen arte.

Gainerakoek elkarri harriduraz begiratu badiote ere, gidariak eskumako keinukaria piztu eta libre aurkitu duen lehenengo lekuan utzi du autoa. Atzeko kristalean piztu eta itzali, piztu eta itzali islatzen dira neoizko argi urdin eta gorriak. Okerretara bada ere, Hades irakur daiteke kristalean.

Akeronte ibaiaren antz ikaragarria duen asfaltozko tartetxoa gurutzatzear daudela oraindik, autotik atera berri, ia bi metro den Karonte moderno bat hurbildu zaie bat-batean. Hara doazenen artean neskak ikustea oso ohikoa ez dela azkar sumatu diote begiradan. Gidari lanak egin dituenak, aspalditik ezagun balu bezala, azkar asko luzatu dio, txanpon bat ez, baina bai haren funtzio bera bete duen bost euroko billete bat.

Ia beste bi metro den Zerbero aurkitu dute sarrerako atean. Honek, ordea, ez ditu ezta begiratu ere egin: zuzenean bultzatu du kasko handi baten irudiaren azpian dagoen atea. Gidari lanak egin dituenak ireki du, jada, bigarren atea.

Erabat argiztatu gabeko lokal diafanoa aurkitu dute orduan begien aurrean. Mutur batean kokatutako barrak eta sarrera ondoan dagoen eszenatokiak, hartara, daudena baino argiztatuago dirudite. Ez dabil jende asko barruan: zerbitzaria, elkar ezagutzen ez dutela dirudien hiru gizon eta beste hiru neska. Barrara hurbildu eta lau garagardo eskatu dituzte, iluntzetik egin ohi duten moduan.

Hades, greziar mitologian, Kronos titanaren semea zen eta, besteak beste, Zeus eta Poseidonen anaia. Gurasoen etxetik alde egiteko garaia iritsi zitzaienean, eurok menderatu eta erreinuak banatzeari ekin zioten: zerua Zeusentzat, itsasoa Poseidonentzat eta hildakoen mundua, aldiz, Hadesentzat. Lurra, gerora iritsiko ziren sistema kapitalista eta neoliberalek pentsatuko zutenaren kontra, banatzeko moduko gauza izango ez balitz bezala, hirurek erabili ahalko zuten, nahi zutenero.

Hadesen erreinua, greziar mitologian, hilen bizileku lainotsu eta iluna zen. Tabakoaren legea betetzen ez zuen eta Iberdrola larregi aberastuko ez zuen lokal diafano hura bezalatsu. Hiltzear zeudenak omen zihoazen bertara, greziar mitologian; hileta batetik datozenak, gaur eguneko munduan.

Homerok jakitera eman zigunez Anbuloen Zelaia omen zen Hades lurraldea osatzen zuen lehen eremua. Heroien arimak noraezean zebiltzan bertan, saguzarrak bailiran txioka zebiltzan izpiritu txikien artean abailduta. Bizien munduak eskainitako odol dastaketek soilik iratzar zitzaketen, aldi baterako baino ez bazen ere, giza sentipenetara.

Heroiak dira, hortaz, gure lau lagunak. Eta saguzarrak iluntasunetik atera berri diren lau neska gazteak, aukeran eta egiten duen gauerako, arropa txikiegiz jantzita. Giza sentipenetara une batez ekarriko dituen odola, garagardo itxuran, bakoitzari baso banatan eskainita die zerbitzariak ordurako.

Egoerak gaina hartzen dizunean oso ohikoa da zail egitea alboan duzunari arreta jartzea eta, nahitaez, flow egoera batean sartu ohi gara. Horixe bera da gure lagunei gertatu zaiena: konturatzerako, lokalaren alde banatan baitaude iritsi berri diren nesketako banarekin solasaldian.

Jeneralak bere turuta imaginarioa jo izan balu bezala, zergatik oso ondo ez dakitela, barran batu dira laurak. Elkarri hitz bakar bat luzatu gabe, holakoetan sinatu ohi den ituna sinatu dute: futbol-zelaian gertatutakoa, hala behar du, futbol-zelaian geratzen da.

Handik ordu laurdenera norbaitek argazki bat atera izan balu, duela ordu bete inork aurreikusi ezin izango zuen emaitza izango luke argazki-kamera digitaleko pantailatxoan: 
  • lagunetako batek aspaldi igoak izango lituzke goiko solairurako eskailerak.
  • bigarrena barra ondoko aulki altu batean eserita legoke, hurbildu zitzaion neskak barra gainean eskua irakurtzen dion artean.
  • hirugarrena nesken komunean legoke, arnasestuka, izerdi eta bekatu usainen artean.
  • eta laugarrena hirugarrena dagoen nesken komun berean legoke, izerdi eta bekatu usain bertsuen artean, baina gogoa Berlinen.

Ordua heldu dela iritzitakoan, R5ak eraman du bakoitza bizien mundura bueltan.

Bidean, ez diote hitz bakar bat zuzendu elkarri. Baina gauza horiek ditu benetako lagunak izateak: bihar, edo etzi, elkar berriz ikusten dutenean, jeneralaren turuta entzun orduko unean bertan berreskuratuko dutela elkarrekiko zuten erlazioa. Bakoitzak bere miseri, tristura, oroitzapen eta ametsekin.







--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--





Argi ikusi du hura zela bere aukera.

Asko hitz egin izan du bere lankideekin sotoko barreneko muturrean dagoen ateaz. Francisco Javierrek soilik omen zuen sarraila hartako giltza. Baina ezarri berri den segurtasun sistema dela eta, ate berria heldu bitartean, begiz jota duten hura besteak bezalakoa da: hatz markak edo txartela erabiliz ireki daiteke, hortaz.

Lehenengo solairuan dago artxibo orokorra; sotoko hura “artxibo ezkutua” bezala ezagutzen zuten. Eta, noski, inor inoiz bertan egon gabea zen. Baina horrek barruan egon zitekeena are erakargarriago baino ez zuen egiten.

Nagusia eraikineko atetik irteten ikusi bezain pronto hasi da bihar garbiketa enpresakoei eman beharreko txarteletan miatzen. Bada aste bi bajan daramatzan emakume bat, Teresa, eta bere txartela hobetsi du beste guztien artean. Izan ere, eta norbait ikertzen hastekotan, hobe datozen egunetan lanera etorriko denetako inor tartean ez sartzea.

Aurkitu du, azkenean: María Teresa Aguirre Sánchez. Ez da txarra pentsatu du, berekiko.

Beheko solairuan, behin sarrera igarota, gorako zein beherako eskailerak, bere mahaia, komunak eta nagusiaren bulegoa baino ez daudenez, ez zaio larregi kostatu inor ohartu gabe sotorako bidea hartzea.

Pasadizo luzea igarota, atea du aurrez-aurre. Txartela irakurgailuaren aurrean jarri eta argi gorria berde bihurtu da. Ireki duen bezain azkar itxi du bere atzean, irrikaz.

Dena ilun dago. Sakelakoaren pantailak ematen duen argiaz baliatuz, ez du lanik izan etengailua aurkitzen. Filmetan gertatu ohi den bezala, oso astiro piztu den fluoreszenteak argi nahikoa hartu duenean lau bider lau metroko gela huts batean aurkitu du bere burua. Beste ate bat dago aurrean duen horman, bere irakurgailuarekin.

Bertara hurbildu, Teresaren txartela berriro pasa eta argi berdea piztu da. Barruan dago.

Bigarren gelaxka hau bestearen erdia edo izango da. Burdinazko apal-sail bi daude bertan, paraleloki paratuta. Berak ere ez daki oso ondo zer espero zuen, baina apalotan dokumentuak baino ez daude, espedienteak.

Hau al zen, bada, altxor guztia? pentsatu du, erdi etsita.

Sartu-irtena gehiegi ez luzatze aldera, eta beste irizpiderik asmatzeko denbora faltan, zera otu zaio: lehen apaleko lehenengo eta bigarren apaleko azken espedienteak hartzea, Aresti eta ZZ Top. Espedienteak alkandoraren atzeko aldean gorde ditu.

Ate biak argi gorria piztuta utzi, pasadizoa azkar igaro eta are azkarrago igo ditu eskailerak. Komunak eskaileren ondoan daudenez, arriskuak saiheste aldera, bertara sartu da.

Komun-ontzian eseri eta, aspaldiko partez, lasai hartu du arnasa. Erlojua begiratu eta ordu bete falta dela bere txanda amaitzeko konturatu da. Arriskutsuegia dela espedienteok ordu betez berekin izatea iritzita, ezkutatzeko erabakia hartu du. Uraren giltza itxi, komun-ontziko tanga hustu eta, kontu handiz, bertan gorde ditu.

Gauzak ondo, bera da komun hura erabiltzen duen bakarra: hura da, hortaz, zerbait ezkutatzeko eraikin osoko lekurik seguruena.

Ordu bete barru bueltatuko da, lasaiago. Espedienteak bere poltsan gorde eta etxera. Badauka arratsalderako zeregina.

Teresaren txartela bere lekura itzuli behar du lehenago.

1 iruzkin:

  1. Ikusi al duzue inoiz, bertako langileak kenduta, emakumezkoren bat putetxe batean? Eta bat baino gehiago?

    ErantzunEzabatu