Orriak

07

07. Eolo




Bermeoko saihesbidea, bihartik zabalik

33 hilabete iraun dute lanek eta 53 milioi euroko inbertsioa egin da




Askoz denbora laburragoa daramat nik entrenamenduekin eta dirutza hori ez dut sekula esku artean izango, baina ni ere prest nago bihar Berlinerako hegaldia hartzeko.

Eskuko maletan sartu ditut iganderako behar ditudan kirol-arropak eta hegaldirako tableta, eta fakturatuko dudan bigarren maleta handiago batean gainerako guztia.

Bidaide daramadanarekin gerta daitekeenaren ilusio, ikara eta esperantzak, ez dut oraindik oso argi, erabakitzeke daukat bietatik zein maletatan sartu.





Las obras del túnel de Autzagane evolucionan al ritmo previsto

La inversión foral en el otro gran tajo abierto en Busturialdea supera los 63 millones de euros



Inbertsio handiak egiten dabil norbait, antza, auskalo zein irizpide jarraituz aukeratutako bi punturen artean zubiak, tunelak eta pasadizoak eraikitzeko.

Nik, ordea, oso argi daukat zeintzuk diren lotu beharreko bi puntuak. Eta ingeniaritza ikasi izan banu, agian, jakingo nuke zubiak edo tunelak diren azken xedea lortzeko hobetsi beharreko aukerak. Baina kazetaritza ikasi nuen eta, ezinbestean, bestelako ikuspegiak ematen ditu horrek.

Adibidez, titularreko evolucionan al ritmo previsto eta berriaren garapenean ageri den aunque no existe una fecha concreta para su apertura esaldiak kontzienteki idatzita daudenaz ohartzeko beste ematen dit dudan formazioak.

Baina hori irakatsi zidaten fakultate berean jaso nuen kazetaritzako, lehenengo araua ez bada, araurik garrantzitsuena: titularra da jendartera zabaldu nahi den mezua ahalik eta ondoen islatu behar duena.

Gure erlazioak, hala ere, oso bestela funtzionatzen duela ematen du: garapenaren zain egon behar titularra idazteko. Berlinek du azken hitza.





Turismo 'runner': cómo viajar con las zapatillas puestas

Si te gusta correr y quieres visitar una ciudad de forma diferente, lo tuyo es el 'sightrunning'. Rutas y hoteles especializados acogen con los brazos abiertos al deportista en diferentes ciudades




Marka da, gero! Egunkariak irakurtzeari utzi beharko diot, martxa honetan.... Ez dakit nahita egiten duten ala kasualitatea den guzti honen errudun, baina berriak niri segika dabiltzanaren susmoa hartzen hasita nago.

Ez naiz, hortaz, bidaiatzea bestelako planak kirolarekin uztartzeko aitzakia moduan erabiltzen duen bakarra, ez eta gutxiago ere.

Nahikoa da, gaurkoz. Biharko eguna ere luze dator eta hobe dut, honenbestez eta oraindik goiz den arren, afaria prestatzeari ekitea. Maletetan dagoenaren azken gainbegiratua ere, bidaiaren aurreko egunerako utzi gabe, egiteke daukat oraindik.




--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0




Zer aurkitzea espero duen oso ondo jakin gabe, larruzko poltsatik atera ditu espediente biak. Aspaldi zain egon den arratsaldea balitz bezala, etxean duen ardo botilarik onena ireki du. Askorentzat ez da beste munduko ezer izango Beronia ardo ondu botila bat, baina sei eurotik gora ordaintzen den edozein ardo botila ondo ordainduta dagoela uste du berak, zortzi euroan litroa.

Kopa aho-zabalera ardo apur bat hustu bitartean, Homeroren liburuetako batean aipatzen zen Eolo etorri zaio gogora. Ulisesi, etxerako bueltan lagundu nahian, aurkako haizeak zaku batean gordeta oparitu zizkion; hartara, bere alde egingo zuten haizeak soilik izango zituen bidelagun itzulerako bidai luzean.

Homerok, baina, ez zela Ulisesen tripulazioa gai izan jakin-minari eusteko kontatzen du: zakua ireki eta etxerako bidetik berriz aldendu zituen ekaitzak askatu zirela.

Berandu da, dena den, horretan pentsatzen hasteko: zirt edo zart, arre edo ixo... Bila dabilena ulertzen laguntzen badio, ondo; erantzunaren bilaketa are gehiago nahasten badu, gaitz-erdi.

ZZ Top dioen espedientea da bietan atentzio gehien eman diona eta, nondik hasi ez dakienez, handik hastea erabaki du. Karpeta ireki eta argazkiz beteta dagoela ikusi du. Lehenengoa ikuste hutsarekin, geldialditxo bat egin eta ardo-kopa hustea erabaki du. Bigarrena begiratu orduko konturatu da hobe duela kopa beteta eduki. Espedientea osatzen duten dozena bat argazkiak bukatzerako, aldiz, botila bera dela dagoeneko hustuta dagoena konturatu da. Ardoaren garratzari masailetan beherako bidea egin eta ezpainetara heldu diren malkoen gazia lotu zaio.

Gogorra da ikusi berri duena, gogorregia aukeran. Jokabide horiek existitu existitzen zirela, edo behintzat noizbait existitu direla, badaki. Edo suposatzen zuen, gutxienez. Baina inoiz zuzenean ezagutu ez dituzunean, gogorra da euroi zuzenean begiratzea.

Etsita, begiak itxi eta gorputza sofaren bizkarraldearen aurka erortzen utzi duenean, begiak itxi ditu.

Lehendabizi ikusi duen argazkia etorri zaio orduan burura. Nahiko gaztea dirudien gazte bat ageri da bertan, begietako bat eta ezpainak odoleztatuta. Biluzik dago gerritik gora, eta belaun bat du kaskezurra lurraren kontra indartsu zapalduz. Eskuburdinak diruditenak ditu lepoaren atzealdean eskuak lotuz, eta lurra ukitzen dauden ezpainak odol-putzu batean. Zerbait adieraztekotan, beldurra da gaztearen aurpegian antzematen dena.

Estetikoagoa zen bigarrena, argazkiaren enkoadraketa bera asko landutako lan baten ondorio balitz bezala. sabaitik zintzilik dagoen bonbilla baten argia da argazkiaren iluntasuna apurtzen duen elementu bakarra. Eta bere azpian, bonbillak argiztatuta, neska batena dirudien irudia, lepoz, aulki batean eserita. Hau ere ia biluzik dago, plastikozko poltsa bat baino ez baitu buruan. Biak, burua eta poltsa, argazkirako estrategikoki paratuta baleude bezala, albo baterantz erorita daude. Zail da antzematen neska gertatzen ari denaz ohartzen den ala ez. Argazkian ez da beste ezer ikusten.

Begiak ireki dituenean ere ez da gai izan bere etxeko egongela ikusteko. Begien aurrean behin eta berriz, eta bata bestearen atzean, norbaitek proiektatzen dituen irudiak baino ez ditu ikusten, bukle moduko segida azkar batean: bainuontziko uretan sartuta dagoen burua, azazkala eta haragiaren artean bide eginez dabilen labanaren lehen planoa, uzkurtutako gorputz biluzi baten ondoan dagoen burdinazko barra...

Errealitatera bueltatzea lortu duenean, azkar gorde nahi izan ditu berriro argazkiak espediente barruan. Orduan ikusi du lehen begiradan oharkabean pasatu zaion baina argazkiak eurak baino are gogorragoa iruditu zaion xehetasun bat: argazkietako bakoitzak data bat du atzean, eskuz idatzita. Horrek bueltatu dio aurpegiaren erdi-erdira kontu haren guztiaren alderik ankerrena: ezkutatu beharreko testigantza barik, argazkiak trofeo bihurtzen ditu data hark.

Hurbileneko data duela 23 urtekoa den arren, barrenak nahastu dizkio Eoloren opariak. Gorputzera sartu zenetik, lehen aldiz, ateratzeko nahia nabaritu du. Gaizki dagoena gaizki dagoelako, egiten duenak egiten duela.

Egoera hartan, eta lapurtu zuenean pentsatu zuenetik oso bestela, ez dio batere jakin-minik sortu Aresti espedientean egon daitekeenak. Baina espedienteak ez zabaltzeko erabakia aurrez hartu beharrekoa zela iritzita, ireki du bigarren karpeta ere.

Letra nahiko txukunez eta alde bakarretik idatzitako orrialde mordoa dago barruan. Ez da euskaltegian lantzera ohituta dagoen euskara berdina, baina berehala igarri du euskaraz idatzita daudela. Lan apur bat eskatzen badu ere, eta esaldi guztietan identifikatzea zail egiten zaizkion hitz asko dauden arren, ulergarri egiten zaio bertan dakarrena, osotasun minimo batean.

Lehen orrialdean daude makinaz idatzita dauden hitz bakarrak: Ulysses eta James Joyce. Eta euron gainean, gainerako orrialdeak idatzi dituenaren oso bestelakoa den letraz idatzita:

No enseñar esto a nadie, BAJO NINGUN [sic] CONCEPTO.
Son demasiados los que andan haciendo preguntas...


1 iruzkin:

  1. Badoa trametako bakoitza pixkanaka korapilatzen, ez?
    Era berean, argi dago, dagoeneko, eskuizkribua izango dela bien arteko zubia... edo tunela.

    ErantzunEzabatu