Orriak

03

(Argazkia: Mr.Chopski)

03. Proteo


Eguzkia okerreko aldetik atera dela gaur iruditzen zait. Erratuta nabil, ziurrenik, ekialdetik aterako baitzen gaur ere. Baina nire aurpegia gogotsu kolpatu duten lehen printzek, aspaldian ez bezala, ez naute horrenbeste erasan. Gela zikin dago, eta hedaduraz, baita etxe osoa ere.

Ezkaratzeko apal batetik oraintsu iraungitako laranja-zukudun tetrabrik bat hartu eta, eguneroko lanekin hasi aurretik, ziaboga bitan hustu dut. Hidratatzea garrantzitsua omen, baina baita komuna garbitzea ere.

Ispilu aurrean eseri, aldarte onean nagoela probestuta, eta oinetako erosi berriak probatzeari ekin diot. Korrika egiterako orduan komeni dela bigarren korapilo bat ematea esan zidan behin norbaitek. Gustura nago eurok jantzita, aukeran, kolore biziegiak dituzten arren. Ispilua ez dut hain zikin ikusten, baina egia esan, bestaldean ageri den eta oinetakoak soilik jantzita dituen irudiak ez dit enfokatzen laguntzen.

Halako batean, hitz egiten hasi zait ispilua edo, hobe esanda, ispiluaren bestaldeko irudia. Belarria bertara erruz hurbildu arren, ez naiz behin eta berriz errepikatzen duen hitza aditzeko gai. Atzerapauso bat eman, perspektiba hartzeko edo, eta irudia ikusi dut hatz nagia ispilura hurreratu eta zerbait idatzi nahian. Hobe nukeen atzoko azken garagardoa edan izan ez banu.

Konturatzerako, nire atzamarra da ispiluaren gainazal leunean zerbait idatzi nahian dabilena, zer idazten ari naizen oso ondo ez badakit ere. P bat, O bat, R bat, T bat... baina ez nago erabat ziur, ez eta ordena hori denik ere. Agian, atzoko azken-aurreko garagardoa ere soberan zegoen.

Ez da oso ondo antzematen ispiluan dakarrena. Umetan zentzurik gabeko gauzekin baino jolasten ez garenaren ustea albo batera utziz, sasoi hartako teknika batez oroitu naiz. Ahoa ahal beste ispilura gerturatu eta nire hatsa jaurti dut harengana, hiruzpalau aldiz. Berriro ere atzerapauso bat eman, perspektiba hartzeko edo, eta garbi ikusi dut kontua: Proteus. Iraungitako zukua da, behar bada, honen guztiaren erruduna.

Mesanotxean dagoen sakelakoaren bila abiatu eta Wikipedia maiteari galdeginez xahutu dut deiaren komodina. Bekaina altxatuz gogoratu dit Carlos Soberak.

Greziako mitologian, itsasoetako jainkoa zen,
“Itsasoko Agurea” izenaz ere ezaguna.
Etorkizuna igartzeko ahalmena izan arren, oso gutxitan erabiltzen zuen,
horretara behartzen ez bazuten, bederen;
oso zaila zen, gainera, inork bera horretara behartzea,
eguerdian baizik ez baitzen itsasotik ateratzen,
harkaitzen itzalpean lo kuluxka bat egitera.
Ihes egiteko, gainera, itxuraz aldatzeko ahalmena zuen,
eta oso forma beldurgarriak hartzen zituen.

Barrez lehertzear dago orain ispiluko irudia, lotsa guztiak galduta. Greziarra eta agurea ez naizen arren, Proteo naiz, hortaz. Neuk ere barre algara batekin lagundu diot ispiluko irudiari. Nahiko lituzke Proteok nire korrika egiteko oinetakoak eduki!

Ez nekien etorkizuna igartzeko ahalmenik nuenik, baina behea jo berri duzunean, eta ez dago iragarle izan beharrik horretarako, gorantz soilik egin daiteke. Egia da eguerdian lo kuluxkak egitea gustuko dudala, baina nahiago dut sofa eroso bat, harkaitzen itzala baino. Hori bai: ihes egiteko forma beldurgarriak hartzearen kontuan Wikipediak, beste behin, bete-betean asmatu du. Oinetako fosforitez jantzitako gorputz biluziak sortzen duten estanpari erreparatzea baino ez dago. Ispilua garbitu behar dut, burua erabat galdu orduko.

Dena den, eta inertzia galtzeko arriskuan erori aurretik, hobe dut gainerako ekipazioa jantzi eta nire bizi berriko lehenengo eguna izerdi apur batean busti. Depurazioa aurrena, garbiketak, gero.

Ez naiz etxeko atarian bertan nire korrika saioa hastera ausartu, zenbat eta etxetik hurbilago egon, ezagunen batek tankera hartan ikusteko arriskua handiagoa delakoan. Gauza bera gertatzen zaiela irakurri nuen, noizbait, klubeko atetik irtetera doazen puteroei ere.

Norabide jakinik gabe, baina handik apur bat aldentzeko asmoz, oinez abiatu naiz. Begirada behean jarrita daramat, hartara, pentsamenduak ere errazago datozkidalarik burura. Damuaren antzeko sentimendua dela lotsa esan didate Bilboko espaloietako baldosek: egin denaz barik, egin ez denaz sentitu beharrekoa. Grabagailuan gorde behar dut gogoeta hori, etxera bueltatzerakoan. Twin Peaks eta Cooper agentea larregi botatzen ditut faltan.

Hausnarrean, konturatzerako, Udaletxeko zubia jo dut begiz. Garaia da burua altxatzeko. Norantz egin ez dakizunean, erreferentzia bat bilatzea omen da egokiena. Nik, besterik ezean, erreka hartu dut erreferentzi gisa. Hasi naiz, astiro-astiro hankei eragiten. Burua, baina, lehen baino beherago antzematen dut. Beldur naiz norbait joko ote dudan. Ostruken aldean, burua lurrean sartuta dutenean, ni mugimenduan bainago.

Itoalditxoa nabaritu dut handik minutu eskas batera, baina normaltzat ere jo beharko nukeela ondorioztatu dut. Pixkanaka, eman dio buelta egoerari nire gorputzak. Ordurako, baina, bihar antzeman beharreko gihar-minak nabaritzen hasi naiz gastroknemioetan, antzinako boletan. Izan ere, gaur eguneko runner batek ikasi behar duen lehenengo lezioa gorputzeko muskulu nagusien izenak menderatzea dela esan zidan, behin, bigarren korapilo bat ematea komeni dela esan zidan pertsona berak. Androideek ardi elektrikoekin amesten ote duten galdezka irudikatu dut Deckard agentea.

Baina ardien ordez, Louise Bourgeois zenaren armiarma erraldoia ikusi dut begien aurrean. Guggenheim parean nago, hortaz. Ez da gutxi tantra ozen ahoskatuz animatu dut neure burua, bere azpitik igarotzeko lizentzia hartzeaz batera. Pedro Arrupe pasarela da nire hurrengo meta. Meta bezain metafora egokia iruditu zait zubia, nolabait: Iberdrola dorrea eta Deustuko Unibertsitatea, boterearen bi gotorleku, lotzen baititu Aita Santu Beltzak. Ez da, antza denez, Rodrigo Díaz de Vivar hil ondoren gudak irabazi dituen bakarra.

Zubian sartzeko unean, ia tupust egin dut ni bezalako beste erreplikante batekin. Erritmoa apur bat hautsi didan arren, irribarre bana ahoan, pasatzen utzi dut. Zubiaren azkenengo beheranzko tarteak hauspotuta, errekaren beste aldea harrapatzean izan dut, lehenengo aldiz korrikaldia hasi nuenetik, Udaletxeko zubira bueltatu eta zirkulu duin bat osatzeko aukera erreala ere badenaren susmoa. Yes, you can.

Errazago egin zait hortik aurrerako tartea. Nahi gabe izan bada ere, aurretik doan neska ilehoriaren mototsaren zanbuluak markatu dit erritmoa, tarte batez. Salbeko zubiaren itzalean, ordea, organizazioak jarritako erbia galdu dut. Hanka bakoitza luzatzeko asmoz, gerria bitan makurtu eta oinez igaro da errepidearen bestaldera. Orduan begiratu diodala ipurdia lehen aldiz konturatu naiz: nirea baino beteagoa, baina nirea baino politagoa iruditu zait; hobeto jarria. Agur, Sean Young. Calatrava, zure bila noa.

Isozaki dorreetako batean apartamentu bat edukitzeagatik zer emateko prest nengokeen pentsatuz iritsi naiz Zubizurira: nire birjintasuna ez da aukera bat, 800.000 euro ere aukera bat ez den modu berean. Bat, aspaldi joana da eta, bestea, ez da sekula etorriko.

Oteizaren Aldaera Oboidea neure egin dudanean, lepoko mina eta egindakoak sortutako asebetetzea nahastu zaizkit, antzerako neurrietan. Udaletxeko zubia gurutzatzea, nire subkontzientean, Rubikon ibaia gurutzatzea bezala izan da. Abian da, arriskutsuak baino, ezjakinak diren ondorioak izan ditzakeen nire bizimodua aldatzeko enpresa. Alea iacta est.

Etxerako bidea hartu dut, orain bai, burua harro jasota. Klubetik atera berri den puteroari ez bezala, ez dit axola orain ezagunen batekin gurutzatzeak. Irribarre adeitsu batekin agurtzeko norbait bila nabilen arren, inor aurkitzerako iritsi naiz etxera. Non dago jendea benetan behar duzunean?

Ohi baino gehiago luzatu den dutxa beroaren ostean, eta gaurkoa ospatu beharra dagoela iritzita, dotore jantzi eta Alondegiko terrazan garagardo bat hartzeko hautua egin dut. Ez naiz sekula bertan egon, baina sekula egin ez ditudan gauzak egitea eskatzen dit gorputz berriak. Agian bihar kontsoladore bat erosiko dut, zergatik ez.

Kanpoaldearen estetika alde batera utziz, duela urte batzuk, seguru nago, ez zen polita izango inork ardo-biltegi bat definitzeko erabiliko zukeen hitza. Baina, gaur egun, polita da Alondegi barrua. Bukatu gabeko eta moderno artean dantzan dabilen kontzeptua litzateke goiko terrazara iristeko eskailerak ondoen definitzen dituena. Behin terrazara iritsita, aldiz, lurzoruko egurrak eta kristalezko barandak eman didate atentzioa, gehien. Gainerakoa, beste edozein metropolitako edozein chill out modernotan aurki daitekeenaren parekoa: besaulki eta itzalkin zuriak eta barman beltzarana. Piano zuri bat bota dut faltan izkina batean edo, gutxienean, Billy Joel estatubatuarraren Piano Man kantuaren akorde batzuk airean.

Sing us a song you're the piano man,
sing us a song tonight.
Well, we're all in the mood for a melody
and you got us feeling alright...

Orain arte konturatu gabe nintzen arren, larunbata da gaur. Auskalo nongo kanpandorreren batek bederatziak jo berri ditu. Betaurrekodun mutil bat eta gorputz sendoko beste bat dauden mahaiaren ondoan, mahai bat eta eserleku bat daude libre. Nire jaka bertan utzi eta tabernariarengana hurbildu naiz. Metropolitan bat eskatzear egon naizen arren, gin-tonika hobetsi dut. Hiru minutuz luzatu den parafernaliaren ostean, tragoa ordaindu eta nire lekura bueltatu naiz.

Sing us a song you're the piano man,
sing us a song tonight.
Well, we're all in the mood for a melody
and you got us feeling alright...

Baimenik eskatu ez badidate ere, halabeharrez, euren elkarrizketan sartu naute. Izan ere, euren mahairako zein neurerako adinako tonuan ari dira hizketan. Eleberri bat idazten ari da betaurrekodun mutila, Pablo. Lan gogorra omen eta neskalagunik bilatzeko astirik ere ez zaiola geratzen ari zaio esaten Dabid -agian, David- lagunari. Dabid/David, burua beste lekuren batean, entzuten ari denaren plantak egiten ari da, ahal duen orotan jantzita duen kamisetak bizepsa nola estutzen dion begiratuz. Bikote izan nahiko lukete, baina bakoitza lanpetuegi dago bere kontuetan.

Sing us a song you're the piano man,
sing us a song tonight.
Well, we're all in the mood for a melody
and you got us feeling alright...

Adin ertaineko emakume bat hurbildu da tabernariarengana. Itxuraz eskatzen dion hirugarren edo laugarren koktela da oraingo hau. Gari hemen balego, astiro eta amorruz ari dela tragoa prestatzen esango luke. Horrek ez dio, baina, emakumeak zigarroa ezpainetan jarri orduko bere patrikatik brigada-txiskero bat ateratzeko betarik kentzen. Suarekin batera, gainera, irribarre bat paratzen du emakumearen ezpainetan, eta esatera ausartuko nintzateke, goikoetan zein behekoetan. Beltzaranak beste nonbait egon nahiko lukeela ere esango nuke, emakumeak beste nonbaitera eraman nahiko lukeen bitartean.

Sing us a song you're the piano man,
sing us a song tonight.
Well, we're all in the mood for a melody
and you got us feeling alright...

Entzuten ez dudan beste emakume-gizon bikote bat dago barandaren ondoko mahai batean. Elkarrizketan ari dira, baina ez daude elkarrekin hizketan. Emakumea, batek jakin zeren alde, sutsu dabilen artean, gizonezkoak Bilboko skyline berrian du iltzatuta begirada. Hemendik ez dut ondo antzematen zer ari den edaten bakoitza, baina trago berdina dute mahai gainean. Biek ala biek, edaten duten tragoxka bakoitzean, bakardadea xurgatzen dute, baina bakarrik edanda baino gozoago sartzen da.

Sing us a song you're the piano man,
sing us a song tonight.
Well, we're all in the mood for a melody
and you got us feeling alright...

Jende gehiago ere bada terrazan; bistan da larunbat gaua dena. Baina guztiei adi-adi erreparatuz gero, gehiago antzematen diet, pertsonena baino, Ikeako altzarien antza: denak daude patroi beretik sortuak. Bakoitzak jakingo du zerk ekarri duen hona, gaur eta ordu honetan, baina euren bizitzetatik apur batean alde egin nahian baleude bezala sumatzen ditut. Guztiei galdera bakarra egiteko aukera izango banu, zer ari diren egiten hemen galdetuko nieke.

Sing us a song you're the piano man,
sing us a song tonight.
Well, we're all in the mood for a melody
and you got us feeling alright...

Bat-batean, neure buruari galdera bera egingo banio, zer erantzungo nukeen pentsatzen hasi naiz. Ez naiz nire penak inori kontatzera etorri, neuri ez bada. Ez naiz nire ohea, gau batez baino ez bada ere, beteko duen inor bila etorri, neu edo bihar erosiko dudan kontsoladorea ez bada. Ez naiz nire bakardadea inorekin elkarbanatzera etorri, neurekin ez bada. Eta ez naiz musika ona entzutera etorri, neure buruan darabildan Billy Joelen kantua ez bada.

Sing us a song you're the piano man,
sing us a song tonight.
Well, we're all in the mood for a melody
and you got us feeling alright...

Agian ni baino gazteagoa den norbaiten arropak ditut jantzita, agian ezkutuan gordeta dagoen oroitzapenen bat noiz azaleratuko zain nago, eta agian nire gin-tonikarekin baino ez dut larrua joko gaur. Baina gustura nago, eta ez da gutxi. Beste aukerarik ezean, aurrerantz ihes egitea ere zerbait bada.




--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0




Kaixo, Ama!

Zer moduz dena hortik? Konpondu du Albak Antoniorekin izan duen arazoa?

Hemen betiko martxan, badakizu... Egunero oroitzen naiz zuetaz guztiotaz, baina pixkanaka-pixkanaka ohitzen noa. Ez da leku txarra bizitzeko!

Badakit pena handia hartu zenuela hona etortzeko erabakia hartu nuenean, baina badakizu nire hobe beharrez izan dela. Ez dut uste luzerako joko duenik: litekeena da, urte pare batean edo, berriro zuenera bueltatzea. Baina esperientzi hau bizi beharra nuen, eta gaitzespenak gaitzespen, beti eskertuko dut zure babesa.

Lankide batzuekin geratu naiz zerbait hartzera joateko eta ez dut asti larregirik kontakizunetan luzatzeko. Bihar libreago nabil eta deituko zaitut.

Besterik gabe, jaso agur bero bat.

Zure alaba.

---------------

Madre, ya se que no habrás entendido ni papa de lo que digo, pero he aprovechado para mandarte una redacción que me han pedido en el euskaltegi. ¡Me ha costado un huevo escribirla!

Estoy bien, aunque os echo mucho de menos. Para cuando te llegue, ya habré hablado diez veces contigo por teléfono, así que nada. Estamos.

Besos a todos.


1 iruzkin:

  1. Pasarte luzeenean ageri dena eleberriko lehen kapituluko bera dela suposatuz, antzeman diozu dagoeneko sexua? Ala oraindik ez?

    ErantzunEzabatu