Orriak

04

(Argazkia: Mr.Chopski)

04. Kalipso


Eskuizkribuaren bilaketa hasi zuenean, hogei bat urte lehenago, internet ez zen gaur egun dena. Hastapenetan zegoen orduan. Adinak ematen duen perspektiba alde dutenek bakarrik gogoratuko dute 56k-ko modem basiko haien tu-tu-tutututu soinu gogoangarriak sortzen zuen xarma. Estasi puntu bat ere sortzen zuen, irrika, mundura zabaltzen ari zen leihoko banda gutxi koipeztatuek sortzen zuten zaratatxo hark.

Gaur egun, sakelako telefonoak pizte hutsarekin, auskalo zenbat megako konexioen abiadura ohiko bihurtu da, beti hor egon izan balira bezala. Baina ez horrenbeste urte atzera jauzi eginez gero, oso bestelakoa zen dena. Hasteko, hautua egin beharra zegoen: edo telefono linea amak deiren bat egiteko libre utzi, edo ordenagailuak mundura zabal zitezen aukera egin. Zuria edo beltza, bata edo bestea, arre edo ixo... ama edo norbera.

Horregatik probesten zen eguna batentzat eta gaua bestearentzat. The Police taldearen Message in a bottle izan zen lehenengoz internetetik jaitsi zuen kanta, horretarako ordenagailua gau osoan modemera konektatu uztea izan zelarik ordaindu beharreko bidesaria. Azaldu hori gaur eguneko Tuenti erabiltzaile bati...

Dena aldatu du internetek. Grabagailua eta zinta txikiak dauden kutxetako batetik berreskuratu du, ez da horrenbeste, egunkaritik guraizez moztu eta berariaz gordetako artikulu bat, beste askotan ohi bezala. Sei urte eskas baino ez ditu, baina deigarri egin zitzaion, oharkabean, aro digitalerako jauziak nola dena aldatu duen. 


Google bedeinkatua, Google madarikatua


Elizak bere eskuetara erori diren (edo erorarazi dituen) informazio-iturriak modu bikainean kudeatu dituela beti esanez hasiz gero, ez dut uste Nobel Sarirako izendatuko nautenik. Botere legegile, exekutibo edo judizialak gaur egun duen tresnarik baliotsuena informazioa dela diodanean, ados agertuko dira nirekin berau osatzen dutenak ere. Edo enpresa handietako ugazabek dituzten aktiborik garrantzitsuenak pertsonak direla diotenean, badakigu informazioa dela esatea baino etikoagoa delako diotela.

Beste modu batean esanda: zerk egiten ditu Eliza, boterea eta enpresa handiak XXI. mende honetako edozein gizarte-antolaketan piramideko gailur? Erantzuna jakin arren, zuoi ere ez dut uste Nobel Saririk emango dizuetenik…

Baina, bizi garen informazioaren garai honetan, afera honen guztiaren ardatza informazioa dela esatea azaleko analisia baino ez litzateke. Izan ere, informazioak, noski, berebiziko garrantzia duen arren, informazio horren kudeaketa egoki batek egiten du ahaltsu edonor. Edo are gehiago, informazioa izan eta antolatzeko gaitasuna duenak, horrela, nahi duen bezala erabiltzeko gaitasuna du; sinestunak, korrupzioa eta etekinak -edo, batzuetan, denak batera- etorriko dira horren ondotik.

Hortaz, zer geratzen zaigu piramidearen oinarri-oinarrian gauden beste guztioi? Bada, Google bedeinkatua.

Ezin esan genezake, nahita ere, informaziorik egon ez dagoenik; ez eta eskuragarri dagoen informazio hori guztia antolatzeko tresnarik ez dugunik ere. Berau erabiltzeko tresnarik ez dugula da oinarrikook dugun arazoa, gailurrean baikeundeke bestela. Edo tresnarik ez genuela uste nuen joan den asteburuan lagunekin bazkari batera joan arte.

Informazioa maneiatzearen mesedeak, uste dut, ezagun direla denontzat; kalteak dira, ordea, gehienontzat oharkabean gera daitezkeenak eta, bazkari hartako bazkalostearen harira, gaur nabarmendu nahi nituzkeenak. Eta, zehatzago, kalterik kezkagarriena: bideoak irratiko izarra hil zuen bezalatsu, Google madarikatuak bazkalosteak hil ditu.

Euskal (eta ez hain euskal) ohiturarik zaharrenetarikoa izango da, beharbada, bazkalosteko lagunarteko solasaldia. Horretan genbiltzan gu ere, Samantha Fox-en kanta ezagun hura inork melodia batera ezin ekarrita, batek azken generazioko sakelako telefonoa atera eta denok entzuteko moduko bolumenean jarri zuen arte. Ordu laurden bat beranduago, auskalo zergatik, Juanito Oiartzabal genuen hizpide: izar mediatiko bihurtu aurretik harakina edo arrainduna izan ote zen. Sakelekoak itxi zigun, berriro, ika-mikarako zein apusturako (hau bai euskalduna) bidea.

Zerbait, berez, ez omen da ez ona ez txarra; onak edo txarrak erabilerak omen. Une hartan bertan, eta modu unilateralean, bazkalostea amaitutzat eman eta, erdi haserre, etxerako bidea hartu nuen.

Azaldu berri dudan gogoeta buruan nuela sartu nintzen siestara. Baina, aurretik, gauerako zer eguraldi egingo zuen galdetu nion Google-i. Google madarikatua!


(Gara, 2009ko abenduaren 09a)


Artikulugileak zioenaren kontra, edo harekin ados, eskuizkribuaren bilaketa berraktibatu zuenean internet oso tresna erabilgarria izan zitekeela erabaki zuen. Eta hortik etorri zitzaion, aurrez hasitako bilaketan irteerarik gabeko eremutik nola atera hausnarrean zebilela, gaur eguneko prismatik hain naturala ematen duen ideia txotxoloa: internet tresna egokia izan zitekeela bide berriak zabaldu ahal izateko.

Nolabait bilaketa esparrua, hasieran behintzat, mugatu beharra zegoela iritzita, ez zen zaila izan Euskal Herri mailako antzinako liburu-denden datu base xume bat eraikitzea. Tranpa txiki bat ere egin zuen esparru mugaketa horretan: momentuz, ez zituen Ipar Euskal Herriko dendak kontuan hartuko, gero ere bazegoen horretarako beta, sor zitezkeen hizkuntza arazo txiki batzuk eta A-8ko bidaisariak uxatzeko aitzakian.

Baina badu internetek, aurrez aipatutakoen ondotik, kontuan hartu beharreko beste abantaila bat ere: globalizazioaren armarik boteretsuenetako bat izateaz gain, oso hurbil daudenen arteko komunikazio-tresna boteretsu bihurtzeko duen gaitasuna, hain zuzen ere.

Hogei bat izango ziren, ebaki eta itsatsi metodoa tarteko, bidalitako e-mail mezuak, eta Bilbotik bertatik iritsi zitzaion, hasiera batean behintzat, gehien asebete zuen bueltako erantzuna. Astarloa kaletik, zehatzago, izen bereko liburu-dendatik.

Labur-labur azaldu zuen -hogei bat aldiz, hori bai- bere bilaketa nahien berri, eskuizkribuaren existentzia aurrez egiaztatua zuen kontu bat bezala salduz. Ordurako zeukan informazioari zerbait berria gehitzen zion erantzun bakarra, noski, ez zen bai, hementxe daukagu bat izan, baina bazen zerbait. Hitzordua jarri eta bertara abiatu zen adostutako egun eta orduan.

Deigarri egin zitzaion lehenengo gauza, gerora konturatuko bazen ere, sekula denda hartan erreparatu ez izana izan zen. Ez da, berez, betiko denda horietako bat, 1992an ireki baitzen. Bigarrena, aldiz, estetika. Lokalak moderno tankera zuen arren, urteetan atzera egitea bezala zen bertara sartzeko pausuetako bakoitza ematea. Eta hirugarrena, eta honetaz berehala ohartu zen, usaina izan zen. Ez da erreza hitzez deskribatzea, ziurrenik, usainaz haratago zihoazen bestelako sentimenduak nahaspilatzen baitziren.

Bertan zen dendako ugazaba, hitzorduan adostu bezala, baina azaleko aurkezpenak egin ostean, hamar minutuz denda bere kaxa esploratzeko aukerarik bazuen eskatu zion. Gustura, nola ez, nagusia.

Adostutako hamar minutuak, eta hortik gora segur aski, dendaren erdian kokatzen den pisu biko gelan igaro zituen. Bere oroitzapenetan larregi sakondu gabe, une batez, Anton Abbadia zenaren Hendaiako gazteluko liburutegian sentitu zuenaren antzeko zerbait nabaritu zuen: historiaren parte bilakatzen ari zenaren sentsazioa.

Azken aldian Bilbon erruz errotu den esaera etorri zitzaion orduan burura: a setas, o a Rolex. Larregi bilatu beharrik gabe aurkitu zuen dendako nagusia, barrualdean duten tailerrean grabatu batzuk betaurreko bereziekin aztertzen zebilen, baina gustura hartu zuen euren inguruko zenbait zehaztapen emateko astia.

Zuzenean heldu zioten mamiari: berak ez zuen eskuizkribua bere katalogoan eta, are gehiago, ikusi ere ez zuen sekula egin. Eta bueltako mezua idatzi zuenetik egindako kontaktu desberdin eta ugarietan ere, ez zuen ikusi zuen inor aurkitu. Baina existitu, mezuan aurreratu bezala, existitzen zela %100ean baieztatzeko moduan zegoela esan zion.

Eta orduan eman zion e-mailez aurreratu ez zion informazioaren berri: egun hartan Gabriel Arestiren etxea miatu zuen operatiboa Moyua plazan kokatzen den Gobernu Ordezkaritzatik atera zen. Eta pentsatzekoa zela, behin bere lanak bukatuta, operatiboa bertara bueltatu izana ere. Hipotesien eremuan sartuz jada, eta suntsitu ezean, zitekeena zela bertako soto ezkuturen batean jarraitzea ere gehitu zuen. That's all, folks! batekin bukatu zuen kontu hortaz esan beharrekoa.

Patxadaz eta harro hasi zuen, gerora, dendan erakusgai -eta salgai, noski- zituzten liburu, eskuizkribu, estanpa, kartel, argazki, grabatu, litografia, faksimile eta bestelakoan inguruko bisita gidatua.

Bereziki atentzioa eman zion Chillidaren grabatu bat erosi, informazioaren ordainetan, eta inora ez zeraman ate bat bere aurrean ireki zenaren tristura eta pozaren arteko sentimendu gazi-gozo batez atera zen dendatik. Elkarren arteko kontaktua mantentzeko eta sor zitekeen informazio berria elkartrukatzeko hitza, tasatu ezina, doan atera zitzaizkion.

Hankak baino askoz azkarrago mugitzen ziren pentsamenduek -itxaropena, etsipena eta guztiz kontrakoa zerienak- gidatu zuten bere pasiera. Café Iruñan eskatutako Coca-Cola Light eta patata-arrautzopil pintxoak jaitsi zituzten egunerokotasunera bere burutazioak.

Aspaldian fin-fin jarraitutako entrenamendu programa, egun batez, hautsi egingo zuela erabakita zeukan pintxoa bukatzerako: egunak merezi zuen, edo ez, edo auskalo. Korrika-lagun bihurtua zuen neska ilehoria ez ikusteak aztoratu zuen gehien. Baina eskuizkribuaren bilaketak jasatako birak, edo ez-birak, bereganatze denbora bat behar zuen, inori kontatua izan aurretik.

Orduan konturatu zen, Coca-Cola bukatzearekin batera, ez zela erabat sanoa neska harekin hasitako erlazioa. Korrika zeudenean soilik hitz egiten zuten elkarrekin. Eskuizkribuaren bilaketaren berri ere emana zion ordurako, bere bizitzako beste pasarte gehienekin bezalatsu, doi-doi eta labur-labur baino ez bazen ere. Neska ilehoriak, aldiz, entzuten eta erantzuten ondo zekien arren, elkarrizketak hasteko gaitasuna falta zuela iruditu zitzaion. Edo, agian, bera zen aukerarik eskaintzen ez ziona.

Hori, batetik, eta korrika saioetatik aparteko egoeretan ere neska harekin egoteko arra piztu zitzaiola, bestetik, izan ziren egun hartan jaso zituen beste bi input berri.

Etxerako bidean, greziar mitologiako Kalipso etorri zitzaion, zeharka bazen ere, gogora. Homerok kontatzen duenez, Troiako gudatik bueltan bere itsasontzia urperatu ostean, noraezean zegoen Odiseo Ogigia uhartera iritsi zen. Kalipsok, uharte hartako erreginak, bere kobazuloan adeitsu hartu zuen, zazpi urte luzeko egonaldi bati hasiera emanez.

Ez zen neska ilehoria izan zitekeela bere Kalipso partikularra sinestera ausartu; agian running-ari gustua hartu ziola zen guztiaren azalpena. Horrexegatik, hain zuzen ere, komeni zen ekuaziotik aldagai bat kentzea. Eta aldagai hori, momentuz, ez zen neska. Tximeletak sabelean? Batek jakin...





--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0--0





Tipo zekena da Francisco Javier; berak ere badaki hori. Baina iparraldera bidali zaituztenean, halabeharrez garatu behar duzun baldintzetako bat da, ezinbestean. Baliteke, baita, aizkora astintzen duen sugea hain hurbiletik ezagutu izanak ere, ezinbestean hau ere, norbera batezbestekotik gora zekentzea. Baina horrela behar du, eta punto.

Baina misioak baino gehiago aztoratzen du, normalean, egunerokotasuneko gauza hutsalei aurre egin beharrak. Gobernu ordezkariaren atzetik seigarrena zarenean lerrun-zerrendan, zenbait eginkizunek ez lukete soldataren barne egon behar.

Azkena, goitik inposatu duten Gobernu Ordezkaritzako egoitza desberdinetako ateak irekitzeko sistema berria izan da. Nominan daudenen hatz-marken kudeaketa, gutxienez, Giza Baliabideetakoen esku geratu da. Baina ohiko bisitarien eta egoitzan bertan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetako langileen txartelak banan-banan igorri beharra, redios, beste kontu bat da. Eskerrak bere sinadura beste izapiderik eskatzen ez duen.

Horrelako kontuek jartzen dute sutan, huskerietan denbora galdu beharrak. Are gehiago bera, izatez, akzio gizona izanik. Tamalez, baina, ezagutu izan ditu garai hobeak zentzu horretan, baina joanak dira.

Egonean daudenaren irudipena du, sarritan, gorputzeko gehiengo handi batek bezalatsu. Baina besterik ezean, egotea ere garrantzitsua da. Egotea ere aberriari zerbitzu publiko bat eskaintzea da, neurri batean.

Sinatzeke zeuden eskaera-orri guztiak sinatu ostean, azkenean, idazkariak bere bulegoko atea itxi eta bakarrik geratu da. Karguak duen gauza onenetako bat da, zorionez, inor ezin dela bertara aterik jo gabe sartu. Idazmahaiko apal erdi-ezkutu batean gordetzen duen Soberano botila kristalezko edalontzira ohiko neurrian hustu eta lasaitasun tragoxka labur bat jo du. Ez da gehiagorik komeni, eguna luzea baita.

Ordenagailu ondoan duen egurrezko kutxa txikira luzatu du eskua. Gazte denboran, teniente batek irakatsi zion tentsioa uxatzeko beti komeni dela esku artean zerbait erabiltzea. Gomazko pilota bat da ohikoena, baina berak nahiago du kutxatxo hura.

Eskumako eskuarekin hartu eta belarri ondora ekarri du. Begiak itxi eta kutxatxoa eragiteari ekin dio. Historiako pertsonaia handi batzuk Wagner entzunda lasaitzen ziren; berarentzat, kutxatxo hartatik ateratzen den zarata ia antzemanezina da eraginkorrena.

Edalontzia erabat hustu, dena bere lekuan gorde, kutxatxoa ordenagailu ondoan atondu eta alboko Smint paketetik pilula bat ahoan sartu ostean, prest dago eginkizun berriei ekiteko. Interfonoko botoia sakatu eta idazkariari sartzeko esan dio.

1 iruzkin:

  1. Kapitulu honetako lehen ataleko protagonistak ez daki maitasun istorio hasiberri baten aurrean dagoen ala ez. Hala izaterik nahi?

    ErantzunEzabatu